Irakur ditzagun gure paisaiak!
Kalera irteteko unea iritsi zaigu, paisaia bat aukeratzeko, eta aurreko bi zereginetan ezagutu ditugun tresnak erabiliz paisaia irakurtzeko. Ondoren, azkeneko zereginean, gure poster digitalak prestatuko ditugu gure udalerriko paisaiei buruzko erakusketa baterako.
Zeregin hau talde txikitan (3-5 pertsona) eramango dugu aurrera. Talde-lana ebaluatzeko errubrika bat erabiliko dugu, baita fitxak ebaluatzeko errubrika bat, soinuzko paisaiaren mapari egin diogun ekarpena eta krokisa ebaluatzeko beste bat, eta artearen begiradaren bilaketari buruzko errubrika bat ere. Ondoren, eskematikoki ekarriko ditugu gogora paisaia aztertzeko jarraitu behar diegun pausoak.
Hautatzea
Lanean jardungo dugun talde txikietako bakoitzak udalerriko toki zehatz bat aukeratuko du. Adierazgarrienak iruditzen zaizkigun udalerriko paisaiak aukeratzen saiatuko gara, paisaia berezienak, edo guri gehien gustatzen zaizkigunak. Onena litzateke talde bakoitzak gune desberdin bat aukeratzea, gure posterrak paisaia desberdinei buruzkoak izan daitezen.Hona hemen udalerriko guneak aukeratzeko lagungarriak izan daitezkeen galderetako batzuk:
- Udalerriko zein paisaia lotu ohi dira kultur ekitaldiekin eta jaiekin?
- Udalerrian badaude liburuxka turistikoetan sarritan agertzen diren paisaiak edo jende askok bisitatzen dituenak?
- Udalerriko zein lekutatik ikusten dira bista zabalenak? Ba al da behatokirik udalerrian?
Behatzea
"Nola irakurri paisaia" izeneko zereginean esperimentatu ditugun hiru tresnak erabiliko ditugu aukeratu dugun paisaia behatzeko. Ondoko produktuak sortuko ditugu, aurrerago gure poster digitalean barneratuko ditugunak:- Paisaiari buruzko gure lehenengo inpresioaren fitxak
- Soinuzko paisaiaren grabaketa Soinumapa.net-era igotzeko
- Paisaiaren osagaiak aztertzeko fitxa
- Paisaiaren krokisa
- Paisaiaren argazkiak eta bideoa
Artearen begirada bilatzea
Aurreko zereginean paisaiaren gaineko artearen begiradari buruz ikasi duguna aplikatuz, bi gauza hauetako bat bilatuko dugu (edo biak, zorte handia badugu):- Aukeratu dugun paisaia irudikatu edo aipatzen duen artelan bat. Behean adierazitako iturriak erabiliko ditugu artelanak bilatzeko, baita bururatzen zaizkigun beste batzuk ere.
- Aukeratu dugun paisaian barneratuta dagoen artelan bat, eta Land Art-en antzera paisaia erabiltzen duena, edo paisaiarekin nolabait elkarrekintzan dagoena.
Ikasitakoaren Egunerokoa
Item hauei erantzun ahal izango diegu:
- Asko kostata egin dut...
- Zailtasunak izan ditut...
- Ez dut zeregina bukatu zeren eta...
- Zeregina amaitutzat ematen dut (data)
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons: aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Lizentzia